Web gune honek cookieak erabiltzan ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

Eibarko Udaletxea

PSE-EE EIBAR · HISTORIA

Eibarko Sozialismoaren Historia


1897-1918 Hasiera

Tolosa eta Donostian lehenengo elkarte sozialistek sei urte besterik ez zituztenean sortu zen Eibarko Elkarte Sozialista indar handiz, 1897.urtean. Afiliatu ugari izan zituen hasieratik, herriko langile mugimendua kontrolatzea ahalbidetu zutenak.
1901ean, Sorreratik lau urte baino pasa ez zirenerako, Eibarko elkarteak bazuen bere prentsa organo propioa “¡Adelante!” izenez ezagutzen zena, eta bi urte geroago, 1903an udal ordezkaritza lortu zuen aurreneko aldiz. Horrela, elkartearen prestigioa Euskadi mailan ez ezik Espainia mailan ere zabaldu zen.

Harreman estua izan zuen Bizkaiko sozialismoarekin hasiera hasieratik; horren erakusgarri da  1905.urtean Tomas Mehabe pertsonaia ezaguna ¡Adelante!-ko zuzendari izendatu izana.

Eibarko sozialismoak, gainerakoek ez beste ezaugarri batzuek zituen. Gizarte borrokak nahiko moderatuak izan ziren eta herriko industriaren interes orokorrei eman zitzaien lehentasuna. Gatazkarik ez egoteko arrazoia, Eibarren ezaugarri industrialaz bestalde, langile elkarteek zuten afiliatu kopuru handia zen. Garaian, ez zen batere ohikoa horrenbeste kide izatea. Bizkaiko sindikatuek esaterako, ez zuten negoziazioei aurre egiteko adinako indar eta egiturarik, eta ondorioz greba orokorra eta patroiekiko aurkaritzak baino ez ziren langileen baliabide bakarrak.

Errepublikar eta sozialisten arteko harremanei dagokienez, berezia da Eibarko kasua. 1919. arte PSOEk agindutako  isolamendua diziplinaz bete bazuten ere, Toribio Echevarríak dioenez, “inoiz ez zen tentsio handiegirik egon herriko errepublikarrekin, eta are gutxiago Bizkaian sarri gertatutako sozialista eta errepublikarren arteko liskar bortitzen neurriko gatazkarik”.

Eibarko sozialismoaren idiosinkrasia azpimarratzen zuen beste ezaugarri bat, zuzendari eta kideek egiten zuten euskararen erabilera zen. Amuategi, Marcelino Baskaran eta gainerako buruzagi garrantzitsuenek euskara erabiltzen zuten mitin zein agerraldi publikoetan, eta euskaraz egiten ziren alderdi barneko bilerak ere. Ezaugarri honek Eibarko langile mugimenduaren osaera erakusten du.

Eibarren, langileen %80a bertakoa zen, tartean  herri inguruko baserritar asko zeudelarik. Ezaugarri honek eta probintziako nazionalismoaren 1910arteko antolamendu faltak, sozialista eibartarren jarrera baldintzatu zuen. Toribio Echevarríak azaltzen duenez,  ez zuten Bizkaian emandako PSOEren antinazionalismo gogorrean parte hartu, ez eta errepublikarrek zuten irrika partiklularistan.

Eibarren, sozialistek gosarian Bilboko “El Liberal” irakurtzen genuen bezala irakurtzen zuten errepublikarrek “Voz de Guipúzcoa”. Eta batzuek inspirazioa gizarte gatazkak puri-purian zeuden Bilbon hartan topatzen genuen bitartean, beste zenbait Donostiaren eraginpean bizi ziren,non errepublikazaletasunak aspaldiko sustrai eta pertsonaia euskaldunak zituen, foruzaletasuna, autonomia eta federakuntza defendatu eta zabaldu ohi zutenak”.

Ondorioz, Eibarko sozialismoaren ezaugarrien artean honakoak aurki ditzakegu;  lehenengo sozialisten ikuspegi intrenazionalista, euskal sentimendua, ekintza politikoa nekazal mundura hedatzeko asmoa, euskararen etengabeko erabilera eta udaletxetik zuzendutako foruen berrezarpenaren defentsa.

PSOE Gipuzkoako hainbat herritara hedatzen zen neurrian, ospe handiko liderrak agertu ziren; Hala nola Aquilino Amuategi Eibarren.
Aquilino Amuategik bere ospearen zati handi bat, Eibarko  udalean  talde sozialista-errepublikarraren bozeramaile gisa egindako lanari zor zion. Ezaguna zen mitin eta ekitaldi politikoetan egiten zuren euskararen etengabeko erabileragatik; momenturo defendatu zuen PSOEk bertako biztanleriaren artean gehiago ezartzeko zuen beharra. 1916an adibidez, Sestaon egindako mitin batean zera esan zuen; “Euskaldunek zuzendu behar lukete sozialismoa, ez gaitasun handiagoa dutelako, baizik eta herri honen ohiturak hobeto ezagutzen dituztelako”.

Errepublikar eta sozialistak koalizioan aurkeztu ziren aurreneko hauteskundeetan, 1909an gehiengoa eskuratu zuten Eibar eta Donostiako udaletan. Ondorengo hauteskundeek ez zuten hain emaitza positiborik izan, 1920an Eibarko ezkerrak 6 zinegotzirekin gehiengo absolutua eskuratu zuen arte.

Nazionalismoa gipuzkoako politikara hedatzeak, probintziako sozialistak Bizkaiko alderdikideen jarreretatik urrunduko ziren planteamendu originalagoak aurkeztera bultzatu zituen ezinbestean. Felipe Carreterok 1918an Bilbon nazionalisten “Gora Euskadi” horri “Viva España” batekin erantzuteko eskatzen zuen garai berean, hain zuzen ere, Eibarko sozialista gazteek honako mezua zabaldu zuten euskaraz idatzitako orrietan:

Gora Euskadi eta
gora mundu guztian
bere izardiakin
bizi dangentia

Urte horren bukaera aldera, José Medinabeitiak “La lucha de clases”-en euskal nazioaren existentzia eta Iberiar Nazionalitateen Federazio baten beharra azpimarratu zituen. Zenbait zuzendari ezagunek, Felipe Carretero tartean, erantzuna eman zioten baieztapenari, sozialismo eta nazionalismoaren bateraezintasuna berretsiz.

Medinabeitiaren jarrera,  gutxiengo batena izan arren, kontuan hartzeko adinakoa zen eta bazituen jarraitzaile batzuk, Eibarren behintzat. Toribio Echevarría izan zen jarraitzaile ezagunenetariko bat , 1918an “ Nazioen Liga eta euskal arazoa” izeneko liburuxka argitaratu zuen. Bertan, arazo nazionaletarako hurrerapen baten aldeko apustua egiten zen. Lehen mundu gerraren amaieran Wilson presidenteak egindako Nazioen Sozietatea sortzeko proposamena zela eta idatzi zuen.

Jakina denez, proiektu proposamenen artean nazioen autodeterminaziorako eskubidea zegoen. Honek itxaropena zabaldu zuen nazioartean, subiranotasuna nahi zutenen herrietan. Testuinguru honetan argitaratu zen Toribio Etxebarriaren lana, Espainiako gorteetan Kataluniako Autonomia Estatutua eztabaidatzen zen aldi berean. Urte bereko Abenduan, bilerak egin ziren Euskadiko zenbait udalerritan 1839ko Urriko legearen indargabetzea eskatzeko.

Toribio Echevarríaren liburuxkak arazo nazionalari aurre egiteko erantzun bat aurkezten zuen, PSOEren proposamen tradizionalak baino haratago zihoana. Erantzun hau, gaiarekiko jarrera argi bat hartzeko esfortzu bat egitea beharrezkoa dela onartuz lortuko litzateke.

Jesús Eguiguren-en “El solialismo y la izquierda vasca 1886-1994” liburuan oinarrituta