Web gune honek cookieak erabiltzan ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

Eibarko Udaletxea

BERRIAK

2015/05/22 | ERRONKA TEKNOLOGIKOA

Eibarko Udalak laukoiztu egin du herriko enpresa txiki eta ertainei erronka teknologikoen diseinuan eta diagnostikoan laguntzeko diru-saila

Udal osoko bilkuran diru-laguntzen Plan Estrategikoa aldatzea eta 9.000 euroko kopurua 36.000ra igotzea onartu da behin-betiko eta aho batez. Iazko esperientzia arrakastatsuaren berri eman eta gero, dagoeneko, hamar enpresak azaldu dute interesa Teknikerren laguntzarekin erronka teknologikoak diagnostikatzeko eta diseinatzeko. Iaz, sei enpresari eman zitzaizkien laguntzak.

Enpresen erronka teknologikoak diruz laguntzeko urteko kopurua igotzea behin-betiko eta aho batez onartu da Udal osoko bilkuran, 36.000 eurotaraino. Laguntza hori Diru-laguntzen Plan Estrategikoak ageri da, eta iaz 9.000 eurokoa izan zen.

Udalbatzak, horren bidez, ziurtatu egin nahi du halako proiektuak diagnostikatzeko eta diseinatzeko interesa duten enpresa guztiek jasoko dutela diru-laguntza eta IK-4 Teknikerreko espezialisten laguntzarekin egitasmo handiagoak hasteko aukera izan dezatela.

Eibarko Udalak, beraz, Eibarko enpresa txiki eta ertainekiko eta berrikuntzarekiko konpromiso sendoagoa hartu du, eta interesa duen enpresa bakoitzari 2.700 euroko diru-laguntza emango dio, iaz halako bi. Gainera, hasierako diru-saila hamabi egitasmo finantzatzeko bada ere, aurrekontua handitzeko borondatea eta adostasuna dago, eskaerak gehiago badira eta hala egin behar izanez gero.

Diru-laguntza hauek Gertatu ekintzailetza-foroaren barruan daude. Foro hori Udalak jarri zuen abian, joan den urtean, berrikuntza enpresen garapenerako funtsezkoa dela sinistuta. Ekinbide honetan, horrez gainera, IK-4 Teknikerren lankidetza bultzatzen jarraitu nahi du, enpresak beren jarduerako erronka teknologikoak diagnostikatzeko, erronka horiek aurrera eramateko eta beren lehiakortasuna hobetzeko.

2014an emandako diru-laguntzei esker, 50 langile baino gutxiagoko Eibarko sei enpresak berrikuntza-planak ezarri dituzte, zeinek IK-4 Teknikerrekiko harremana sendotzeko balio izan dieten, eta bi aldeek adierazi dute oso gustura daudela beren artean sortu den harreman horrekin.

María José Tellería Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak esan duenez, joan den urtean egitasmo honetan parte hartu zuten enpresek zabalkunde-lana egin dute beren bezeroen eta hornitzaileen artean, beren esperientziaren berri emanez, eta horrexek ekarri du 2015eko diru-laguntzetarako deialdia onartu baino lehen ere Eibarko hamar enpresa txiki eta ertain —haietako hiru armagintzakoak— interesatuta egotea beren jardueran jardunbide berritzaileak txertatzeko. “Egitasmoak balio izan du parte hartu duten enpresek —bai eta diru-laguntza jasotzeko interesa azaldu dutenek ere—, batetik, beren esperientzien eta beharren berri elkarri emateko eta, bestetik, proposamenak kontrastatu eta hobetzeko orduan IK-4 Teknikerren babesa izateko”.

“Oso pozik gaude”, gaineratu du Telleríak, “lehen esperientzia arrakastatsua izateak eta horretarako diru kopurua igotzeak ilusioa sortuko duelako sortzen diren erronkei heltzeko, etorkizunera begira gure enpresak indartzeko eta Eibarko industriaren lehiakortasuna are gehiago hobetzen lagunduko duten beste egitasmo batzuk abian jartzeko”.

  • Facebook-en jarrai iezaiguzu
  • Iradokizun postontzia
  • PSE-EE Gipuzkoa
  • PSOE España