Web gune honek cookieak erabiltzan ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

Eibarko Udaletxea

BERRIAK

2015/05/14 | KIROLA FAMILIAN

Azken Kirola Familian programan parte hartu duten familiek oso ontzat jotzen dute ekinbidea

Udalak aisialdirako bultzatu duen proposamen honen hirugarren aldian, azkenerako, 50 familiak parte hartu dute, eta aurreko urteetan baino handiagoa izan da haien parte-hartzea. Familiek, inkestetan eman dituzten iritzien arabera, gogokoa dute ekinbidea, eta zerbitzu-eskaintza denboran luzatzeko eskatu dute haietako batzuek.

Eibarko Udalak, 2 eta 5 urte arteko umeei udagoenean eta neguan aisialdirako beste aukera bat eskaintzeko asmoz, Kirola Familian programa bultzatu zuen, eta azken aldian parte hartu duten familiek oso ontzat jo dute ekinbidea.


2014-2015eko denboraldian, guztira, 50 familiak erabili dute azarotik martxora asteburuetan Ipuruako kiroldegian eskaintzen den zerbitzua. Eguraldi aldetik kanpoan kirolean aritzeko hilabete kaskarrenak diren horietan, beheko aldeko kantxa, squash-pisten ondoko hori, familientzako jolastoki bihurtzen da.

Eguneroko parte-hartzea kontuan hartuta, esan daiteke aurreko bi urteetan baino gehiago parte hartu dutela herritarrek. Zerbitzua 29 egunetan eskaini da, eta, guztira, 900 lagunek parte hartu dute, aurreko urtean baino 203 lagun gehiagok. Beraz, 2013-2014ko denboraldiarekin alderatuta, % 23 igo da parte-hartzea.

Aldi honetan, programaren hirugarren aldian, aurreko urteetan legez, gurasoek eurek kudeatu dute zerbitzua eta eurak arduratu dira une oro joko-zelaian seme-alabei laguntzeaz.

Antolatzaileek, horren haritik, zerbitzuaren kudeaketan parte hartzera gonbidatzen dituzte familiak. Izan ere, horrek ekarriko du zerbitzua hobetzea eta datozen urteetan ere eskaintzeko aukera izatea.

Programa amaitzean, Udalak inkesta bat banatu zuen programan parte hartutako gurasoen artean, zerbitzuari buruzko haien iritzia zuzenean jakiteko eta hura hobetzeko proposamenak egiteko asmoz.

Hala, ateratako ondorioen arabera, esan daiteke familiek gogokoa daukatela ekinbidea, eta aisialdirako aukera egokitzat daukatela eguraldi kaskarra egiten duen egunetarako. Haietako batzuek, gainera, zerbitzu-eskaintza denboran luzatzea proposatu dute, eta familiak gehiago inplikatzeko eskatu dute.

Udalarentzat, garrantzitsua da parte-hartzaileen iradokizunak biltzea, aisialdirako ordezko zerbitzu hau hobetzeko. Iradokizun edo proposamen horiei esker, hain zuzen ere, zerbitzua familien eskakizunetara eta beharrizanetara egokitzeko modua izan da urte hauetan guztietan.

Itzuli

  • Facebook-en jarrai iezaiguzu
  • Iradokizun postontzia
  • PSE-EE Gipuzkoa
  • PSOE España