Web gune honek cookieak erabiltzan ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

Eibarko Udaletxea

BERRIAK

2015/03/31 | INTEGRAZIOA

Udalak programa pilotu bat bultzatu du ikasturtea hasita dagoela Eibarrera iristen diren neskatila-mutikoen integrazioa errazteko

Ekimena ikastetxeetatik proposatu diren ikasleen gurasoei aurkeztu zaie eta Udalari irakasleek egindako eskaera bati erantzutera dator. Helburua da parte hartzen duten DBHko 1. eta 2. mailetako umeek elkarri era dinamiko eta ludiko batez eragin diezaioten, jolas, eskulan, musika, sukaldaritzaren bitartez eta baita teknologia berriak erabiliz ere. Jarduera guztiak euskaraz izango dira, hizkuntza azkarrago ikasteko eta horrela DBHko ikasketak zailtasun gutxiagorekin burutzeko.

Eibarko Udalak, Astixa Animazio Zerbitzuekin elkarlanean, programa pilotu bat antolatu du euskara ikastea errazteko; horrela, EAEra iritsi berriek DBHko ikasketak zailtasun gutxiagorekin jarraitu ahal izango dituzte. Gainera, ikasturtea hasita dagoela Eibarrera iristen diren umeen integrazio eskolarra eta soziala erraztu nahi da.

Egitasmoak hiriko ikastetxeetako irakasleek Udalari egindako eskaera bati erantzuten dio eta Eibarrera etorri berri diren neskatila eta mutikoak haien inguruko pertsonekin harremanetan has daitezen ahalbidetuko dituzten ekimenak sustatu eta garatu nahi ditu

Udalaren, Astixaren eta ikastetxeen arteko hartu-emanetik ondorioztatu da laster abian jarriko den programak integrazioa azkarragoa, erosoagoa eta eraginkorragoa izatea bultzatuko duela.

Proiektu honen helburua da elkarreragina sustatzea modu dinamiko eta ludiko batez, jolas-, eskulan-, musika-, sukaldaritza-tailerren bidez eta teknologia berriak erabiliz: guztiak euskaraz. Horrela, jarduera horien bitartez eta hizkuntza ezagutuz eta ikasiz, erraztu egingo da umeen integrazioa ikasgeletan.

Jarduera hauek Indianokua gaztelekuan —Muzategi kalean— burutuko dira, apirilaren 13tik ekainaren 15era bitarteko astelehenetan, 18:00etatik 20:00etara.

Egitasmoa Gaztelekuan izan den bilera batean aurkeztu zaie ikastetxeetatik proposatu diren ikasleen gurasoei, zeintzuek programa pilotuan parte hartzeko konpromisoa hartu baitzuten.

Oraingoz, DBKko 1. eta 2. mailetako 12 neskatila-mutikok hartuko dute parte: 4 Itziokoak dira, 4 Mogel Isasikoak, 2 Aldatzekoak eta beste bi La Sallekoak

Egitasmoaren inguruko informazio gehiago nahi duenak Udaleko Euskara Zerbitzura jo dezake, telefonoz deituta (943 70 09 12) edo emaila bidalita (euskara@eibar.eus).

Esther Kareaga Eibarko Udaleko Euskara zinegotziaren esanetan, “ikusita ikastetxeetan dagoen beharra eta ikasleek zein haien gurasoek hartu duten konpromisoa, martxan jarri ahal izan da planifikatzen denbora luzez aritu garen proiektu hau. Martxan jarri bakarrik ez, jarraipena ere izango du eta etorkizunean ume gehiagori iritsiko zaie. Aukera paregabea da errazteko umeen integrazioa ikasgelan. Gainera, tailerretan euskaraz hitz egiten, irakurtzen eta idazten modu erraz eta hurbilean eta jolasen bitartez ikasteak lagunduko die ingurunean partaide izaten. Aukera ezin hobea da etorri berrien eta gainontzekoen arteko loturak sendotzeko ikasgeletan”.

  • Facebook-en jarrai iezaiguzu
  • Iradokizun postontzia
  • PSE-EE Gipuzkoa
  • PSOE España