Web gune honek cookieak erabiltzan ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

Eibarko Udaletxea

BERRIAK

2014/10/23 | PARTE-HARTZE PROZESUA

Matxariatuz: martxan ipini da Matxaria barrenaren etorkizuna definitzeko parte hartze prozesua

Gabonak baino lehen, helburuak argitzeko, informazio-tailer bat antolatuko da; 2015aren hasieran jarriko dira martxan lanerako eta hiritarrak parte hartzeko tailerrak.

Matxariatuz: martxan ipini da Matxaria barrenaren etorkizuna definitzeko parte hartze prozesua

Parte-hartze prozesu berri bati ekiteko aurreneko pausuak eman ditu RB3 Renovación Urbana Integrada enpresak, hain zuzen ere, Matxaria auzoa biziberritzeko, estrategia eta ekintza bideragarriak eta kalitatezkoak herritar guztien artean bilatu eta, auzoa, udalerriari eta bertako jende osoari, fisikoki eta sinbolikoki, itzultzeko. Horixe da parte-hartze prozesuaren abiapuntu eta jomuga. RB3 garatzeko bidean dagoen enpresa bat da, bere jatorria Euskal Herriko Unibertsitatean du, eta Eibarko udalak, duela denbora gutxi, parte-hartze prozesua martxan jartzeko enkargua eman zion, Eibarko auzo horretako barren aldearen etorkizuna zehazten utziko duena.

Udalaren asmoa, epe ertainera eta luzera begira, auzoa birsortzeko edo biziberritzeko interbentzio bat proposatzea da; baina baita epe motzera egin beharreko gutxieneko egiteko batzuk egitea ere. Era horretan, proposatu den prozesu hori beharrezkoa den parte-hartze kultura lantzeko eta sendotzeko gunetzat azaltzen da, prozesua kalitatezkoa izan dadin bermatzeko: interes partikularrekin konpromisoa bilatuta, herri osoaren interes orokorraren aldeko elkarlanean aritzeko bilgune eta topaleku. Hori dena, auzoak duen errealitatetik bertatik abiatuta eta indarrean dagoen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrean harako ezarria dagoen hirigintza-aurreikuspena ahazteke jardunda.

Parte-hartze prozesua, Matxariatuz izena duena, RB3 etxea dagoeneko garatzen ari den ezagutzaren eta diagnostikoaren aurreneko fasearekin hasi da; fase irekia, hiritarrek beraien ekarpenak egiteko erabil dezaketena, posta elektroniko bidez informazioa konpartituta. Hona hemen posta: info@rb3innovacion.com .

Gabon aurretik informazio-tailer bat antolatuko da, prozesuaren helburuak, mugak eta norainokoak argitzeko eta horien plangintzari buruzko informazioa emateko. Eta datorren urtearen hasieran emango zaio jarraipena prozesuari, ezagutza sakontzeko lanerako tailerrak martxan ipinita eta gaiaren inguruko gogoeta elkarrekin egin ahal izateko. Hemendik denbora gutxi barru argitaratuko dira tailer hauen datak eta programa.

Matxaria auzoa, udalerri osoarendako eta hiritar guztiendako ahalmena eta indarra duen leku bat denez, garrantzizkoa da ahalegin kolektibo bat egitea auzo haren memoria berreskuratzeko eta, auzoarenarekin batera, eibartar guztiena batzeko. Horregatik planteatzen da prozesua hausnarketa bikoitz legez: alde batetik, toki edo auzo mailan, auzo hartako jabeei eta bizilagunei begira; eta bestetik, udalerri osoari begira, gaiak zuzenean eragiten dienen premiak hiritar guztienarekin bateratzeko gauza izango diren ekintza estrategikoak definituta.

Enpresak hainbat helburu proposatu ditu. Alde batetik, Matxaria auzoak duen potentzialari buruzko erlazio kritiko bat ezartzea, hiri-ingurunearekin duen erlazioa jorratzea, kultura-ondare legez duen betekizuna zehaztea eta eraldatzeko dituen aukerak aztertzea. Eta horren ondoren, arazoen diagnostiko bat egingo litzateke dauden aukera-guneak edo lekuak identifikatuta, hobekuntza-prozesua bultzatu eta martxan ipini ahal izateko.

Beste helburuetako bat, epe ertainera eta luzera begira, hobekuntza-ekintza estrategiko txertatuak definitzea edo zehaztea izango litzateke, eta, premiak lehenetsita, epe motzera egin daitezkeen jarduerak identifikatzea. “Leku hori, hiri-ingurunea maila ezberdinetan hobetzeko aukera legez, berreskuratzea” ere planteatzen da. Eta azkenik, parte hartzeko prozesu horrek, kolektibo eta interes ezberdinen arteko elkarrizketarako eta elkar ulermenerako mesedegarria izatea du helburutzat, konponbide adostuetara heltzeko, gatazkak gestionatzeko, parte-hartze kultura eta gizarte-kohesioa indartzeko.

Proiektu hau, Eibarko udalak, azken urte hauetan, hiritarrek parte hartzeko sustatu eta martxan ipini dituen beste prozesu batzuei gaineratu behar zaie, eta horien artean azpimarratzekoa da Errebali buruz egin zena.

  • Facebook-en jarrai iezaiguzu
  • Iradokizun postontzia
  • PSE-EE Gipuzkoa
  • PSOE España