Web gune honek cookieak erabiltzan ditu, propioak eta beste batzurenak. Nabigatzen jarraituz gero gure cookien politika onartzen duzula ulertzen da.

Eibarko Udaletxea

BERRIAK

2014/10/09 | ERREBAL

Aurrepausoa Errebalgo orubea kultura-ekipamendu bihurtzeko prozesuan

Alkateak egikaritze-proiektuaren erredakzioa kontratatzeko plegua aurkeztu du, parte-hartze prozesuaren emaitzak eta Ideia lehiaketaren irabazleen artean gehien baloratu zen dokumentuan islatutako beharrak jasotzen dituena.

Aurrepausoa Errebalgo orubea kultura-ekipamendu bihurtzeko prozesuan

Errebalgo orubea gaur eguneko kultura-ekipamendu bilakatzeko prozesuak bere bideari darraio bere baitan gauza edo betekizun asko hartuko dituen eraikin bat jasoko baita. Aste honetan bertan aurrerapen galanta izan du, memoria eta egikaritze-proiektuaren erredakzioa kontratatzeko plegua Hirigintza Batzordean aurkeztearekin batera.

Dokumentu horietan jasotzen denez, Eibarko Udalak Errebalgo gune publikoa berreskuratzea du helburu; eta horretarako, inguru hartako premiak eta hiriarenak sakon aztertu dira. Azterketa horren barruan ditugu, bai herritarren parte-hartze prozesua, bai gune publikoa diseinatzeko egin zen arkitektura lehiaketa; hortik atera dira premien programa bat eta diseinu-baldintza batzuk, arkitektura lehiaketaren irabazleen artean gehien baloratu zen dokumentuan islatutakoak. Parametro horiek dira hurrengo fasearen abiapuntu.

Une honetan –memorian eta pleguan azaltzen den bezala- planteatu den kultura-ekipamendu horretarako funtzio anitzeko eraikin bat eraikitzea bideratuko duen proiektu bat egin behar da. Era horretan, eraikina jasota eta herritarren parte-hartzerako eta herritarrak elkartzeko gune bat sortuta, prozesu guztia amaituko litzateke, aurreikusitako jarduerak martxan ipintzen utziko lukeena.

Onartutako pleguan azaltzen denez, Errebalgo kultura-ekipamenduaren egikaritze-proiektua egiteko lizitazioaren aurrekontua 200.000 eurokoa da (BEZa barne) eta proiektu hori egiteko epea hiru hilekoa. Hala ere, oinarrizko proiektua eta segurtasun azterketa, adjudikaziotik 45 egunera amaituta eduki behar dira. Proiektuaren erredakzioa adjudikatzeko orduan, epaimahaiak irizpide hauek hartuko ditu kontuan: alde batetik, prezioa (60 puntu), eta bestetik, proposamen teknikoa (40 puntu). Proposamen teknikoan udalak emandako ideia edo asmo horrekiko fideltasuna baloratuko da, parte-hartze prozesuaren emaitza izan baita.
Proiektua egin nahi duten enpresek hainbat ezaugarri bete beharko dituzte, horiek denak memorian eta baldintza orrietan edo pleguan ezarritakoak. Horrela, egitekotan dagoen kultura-ekipamendu horrek helburu bi izango ditu: aurrenik eta behin, gune publiko ireki legez –berezkoak dituenaz gain, hau da: komunikazioa eta gizarte-erlazioa- Coliseo Antzokiaren aurre-areto bezala jardutea, antzokian garatu eta kanpoan egitekoak diren kultura-jardueren luzapen legez.

Eta hurrenik, esparru estalia denez, itxi ere egin daitekeena, ondoko jarduera hauek hartzeko aukera edukiko luke: kale-antzerkia, musika-kontzertuak, erakusketak, umeendako parkea, poesia-tailerrak, Musika Bandaren entseguak eta bestelakoak, berbenak, jubilatuen dantzaldiak, umeendako diskotekak. Konponbide formala ideien lehiaketara aurkeztu zen “Errebal Ireki” izeneko dokumentuan jasotakoa da, horri, baldintza-orrietan edo pleguan jasotako doiketa batzuk eginda.

Pleguak zehazten duen bezala, ondokoa izango da premien programa: 2. soto-solairuan aparkaleku bat izango da egoiliarrendako; 1. sotoan, txandakako aparkaleku bat, biltegia eta sarbideak; etxabean edo beheko solairuan, kanpoko plaza bat kultura-gunearekin (plaza estalia), eszenario finkoa, azoka, erakusketa-aretoa, kafetegi-jatetxea, biltegiak eta komunak. Lehenengo solairuan erabilera anitzeko kultura-aretoa joango da, eta lekua izango du –esate baterako- txiki-parkea jartzeko, komunak eta goiko plaza. Bigarren solairuan erabilera anitzeko beste areto bat joango da, komunak eta kalearen luzapena.

Proiektua egiteko orduan, lehiaketara aurkezten diren enpresek hauxe hartu behar dute kontuan: obra kontrata bidez egiteko aurrekontua 6 milioi euroan dagoela balioetsia.

Proiektuaren beste alderdi batzuk.

Horrez gain, proiektuak alderdi osagarri batzuk hartu behar ditu, kontuan hartu beharrekoak. Esate baterako, plazaren gaineko aldea, ixteko modukoa eta aldi baterako zabaltzeko modukoa izango da, eguraldiaren gorabehera guztiei (euria, intsolazioa, aireztapena) aurre egitekoa. Azokan 7 saltoki finko egokituko dira; denek erabiliko dute irudi korporatibo bakarra eta merkataritza-erabilera guztietarako egokiak izango dira. Saltokiak goitik behera ixteko modukoak izango dira, gune hari beste erabilera kultural batzuk eman ahal izateko. Baserritarren postuen altzariak mugitzekoak eta erabilerrazak izango dira, eta altzari horiek biltegiratzea aurreikusiko da; baita lokalaren perimetroan behar diren gainerako instalazio lagungarriak ere.

Tabernak (aldameneko saltokiaren lekua handituta) sarbidea izango du plazatik, eta horrela irisgarritasuna ere oso kontuan hartuko da. Plaza estaliaren lekuak eszenario finko bat izango du; haren neurriak ahalik eta handienak izango dira (gutxienez 10 metroko zabalera, altura 1,5 metrokoa eta eman ahal dakiokeen sakonerarik handiena) baina lekuaren nortasuna apurtzeke. Azokari atzea emango dien harmailen aldean egongo da. Gune hartan integratuko da goiko plazarekin lotzeko eskailera utzita eta plaza hartan itxitura kristaldun bat jarrita. Eszenarioa gune horretan integratu behar da: jendea bertan ibiltzeko modukoa izango da edo jolasleku moduan erabiltzeko ere balio beharko du, hartu beharreko segurtasun neurriekin (hauek izan daitezke: harmailak eszenarioaren plataformaraino eraman edo, bestela, jartzeko eta kentzeko moduko baranda ipini). Aztertuko da sarrerako arrapalak sartzeko aukerarik dagoen.

Bestalde, eszenario azpian aurreikusitako biltegian leku bat egokituko da aldageletarako. Hor, dutxak eta bainugelak izango dira (30 metro koadro inguru) eta gainerako zatian biltegia. Lotura zuzena izango du goiko plazara ematen duen eskailera azpian joango den eszenarioarekin. Eszenarioarendako argindarraren konexioa aurreikusiko da, gutxienez 80 kw-koa izango dena. (40 kw-ko sarrera bi). Teilatupean, sabaian, iluminaziorako barrarik jartzeko aukerarik dagoen ere aztertu beharko da, baita soinu-ekipo eskegiak ere.

Gune nagusia, gune irekia dena, ixteko modukoa izango da, larrialdi-irteerekin. Horren helburua aforoa kontrolatzea eta sarrerak kobratu ahal izatea da. Eta aldi berean, plaza estaliaren gunean, kanpoan jartzeko moduko instalazio elektrikoa izango duen arketa-zuzkidura bat jarri beharko da. Azkenik, zamalanetako ibilgailuen sarbidearena –bai azokarakoa, bai plaza estalirakoa- konpondu egin behar da alderdi teknikotik.

  • Facebook-en jarrai iezaiguzu
  • Iradokizun postontzia
  • PSE-EE Gipuzkoa
  • PSOE España